XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Haur izatearen arriskua EUROPAKO herrialde gehienetan bezala, gurean ere agertu dira eguneroko prentsan Hirugarren Munduko haur babesgabeentzako aita-amabitxitza (parrainage) eskatzen duten iragarkiak.

Frantzian, esaterako, 65.000 pertsonak daukate une honetan Asia, Afrika edo Hego-Ameriketako haurren bat beren ekonomi babespean harturik.

Gurasobitxitza honek ez du zerikusirik haurrak adoptatzearekin.

Hilero 10-12 mila peseta inguru ematen dira (hilean bi pertsonak jatetxean bazkaltzen edo afaltzen gastatzen dutena) eta bi hilabetez behin babespean hartu duten neskato edo mutikoaren osasun-egoeraren eskola-emaitzen eta denbora emateko erabiltzen dituen moduen berri jakinerazten zaizkie aita-amabitxiei.

Laguntzarekin batera sortzen den harreman afektiboak iraupen mugatua du.

Egun batean aitabitxia edo amabitxia eta haur babestuaren arteko lotura eten egingo da.

Badira munduan 14 bat erakunde, diru-laguntza honi ahalik eta errentagarritasun hoberena ateratzen saiatzen direnak, janaria eta osasunaren alorra ezezik, baita hezkuntza eta bizi-proiektu bat haur horientzat garatzen ahalegintzen direnak.

Batzuentzat hau heren-mundutiarkeria hutsa da eta soluzio errotikoago eta orokorragoak behar direla esaten dute Hirugarren Mundua deituaren arazoari irtenbide egokiak aurkitzeko.

Baina bata egiten den bitartean bestea egiteak arazo asko biguntzen lagun dezakeenik ezin uka eta sarritan makroerantzunak proposatzea norberekoikeria mozorrotu batentzat ihesbide bikaina gertatu ohi da ezer ez egiteko.

Zifra ikaragarriak Unicef erakundeak ematen dituen zifrak izutzekoak dira.

Afrikako herrialderik gehienetan eta Latinamerikako gune zabaletan batez-besteko errenta %10etik %25era jaitsi da joan den hamarkadan.

Haurren pisu/adin proportzioa beheraka doa Munduko 37 herrialde pobreenetan osasungintzarako dirua %50 jaitsi da eta %25 hezkuntzarakoa.

50 herrialde baino gehiagotan 6-11 urte bitarteko haurren eskolaratzea urrituz doa.

Unicef erakundearen iritzian, 500.000 bat haur dira azken urtean hil diren haurrak ekonomiaren geldotze edo atzeratzearen ondorioz (urtean milioi bat inguru hiltzen direla uste du Unicef erakundeak).

Izan ere, herrialde pobreen zorrak mila milioi dolar baino gehiagokoa denak irensten baitu esportazio dirusarbideen laurdena.

Eta zor hau atergabe gehitzen ari da.

Joan den hamarkadan esportatzen dituzten emaitzen prezioak %30 jaitsi dira.

Honelako egoera larrietan haurrak, ahulenak, izaten dira gehien nozitzen dutenak.

Beste datu batzuen arabera, badakigu egunero 40.000 haur inguru hiltzen direla eta 10.000 bat direla kaltetuak gertatzen direnak.

Honek esan nahi du hiru egunez behin Hiroshimako bonba-leherketa bat gertatuko balitz bezalako haur-galera bat gertatzen ari dela munduan, mundu gizarteak erreakzio handiegirik egin gabe.

Bestalde, haur familiagabeen edo kale-haurren arazoa ere izugarria da zifra soilei begiratuz gero.

Munduko Herrialde aberatsena den USAn bertan 3 milioi haur dabiltza kaleetan zehar gurasorik eta babesik gabe eta Brasil bezelako herrialde batean 17 milioitaraino iristen dira.

Oro har, mundu zabalean zehar, 100 milioi haur baino gehiago dira haur abandonatu edo familigabe hauek.

Haurrei buruzko kopuru ikaragarri hauek nola sortzen diren ulertu ahal izateko gogoan izan behar dugu, Mendebaldean bizi garenok, oro har, aski positibotzat jo dugun 80 hamarkada atzerapen eta pobrezia larriko hamarkada izan dela 900 milioi pertsonarentzat (gizadiaren seiren batentzat).

Horregatik Nazio Batuen Biltzarre Nagusiak Haurtzaroaren Urte izendatu du 1990 urtea, guztiok gogora ekar dezagun haurraren oinarrizko eskubideak (bizia, osasuna eta hezkuntza) oraindik populazio zabaletan ez direla inola ere egia bihurtu.

Munduko haurraren ustiapena Esan beharrik ez dago aurreko zifrak osatzen dituzten herrialdeetan haurren arazorik larriena bizirik irautea izaten dela eta horretarako lanik gogorrenak eta jarduerarik degradagarrienak burutu behar izaten dituztela dozenerdi bat urtetatik gorako neska-mutikoek.

Prostituzioa eta pornografia, besteak beste, haur multzo handiek bizimodua irabazteko onartu behar izaten duten praktiketako batzuk.

Filipina irlek sona tristea lortu dute azken urteotan sexu-turismoa deritzonak bertan aurkitu duen paradisuarengatik.

Europa eta Ameriketako jaun errespetagarri eta diruz ongi hornituek bertara jotzen dute bereiziki antolaturiko hegaldi charterretan hurbilago egingo ez lituzketenak edo askozaz arrisku handiagoarekin egingo lituzketenak burutzera.

Azken asteotan STERN aldizkari alemaniarrak erreportaia ongi dokumentatuen bitartez salatu ditu Ekialde Urrunean burutzen diren eta piskanaka Mendebaldean ere agertzen ari diren praktika hauek, eta zirrara sakona sortu duten alemaniar gizartean eta haurrek antzezturiko pornobideoak gero eta ausartkiago saltzen zituzten kluben eta iragartzen zituzten egunkari-aldizkarien artean.

Bestalde ez da ahaztu behar, herrialde askotan, nahiz eta botoa emateko eskubiderik ez izan, armak hartzera eta gerra eta gerrila gogorretan parte hartzera behartzen direla haurrak.

Oraindik gogoan ditugu Iran-Irak gerrate luze eta odoltsuan zenbat mutiko gazte agertzen ziren armaturik edo basamortuan zehar hilik.